Pastoral proiektuaren sarrera
Jesus bere garaiko Galilea aldean zebilenean berri ona zen hura igarotzen zen lekuetako jendearentzat. Onartzen, barkatzen, anai-arreba nahi gintuen Aita on batez hitz egiten zien. Herriaren bizipenetatik hitz egiten zien, entzuleek erraz uler zitzaketen hitz apalekin. Keinuetara itzultzen zituen senidetasuna, elkarri laguntzea edo konpromisoa bezalako hitz abstraktuak. Horregatik jarraitzen zion jendeak...
Iraurgi ikastetxearen “Ebanjelizatze Proiektua” aurkezten dizuegu. Izenburu horrek barruan datorren edukiaren adierazpen izan nahi du. Proiektu bat da: ebanjelizatu nahi duen ikastetxe batek gaur egun nondik joan behar duen zehazten duten norabideak dira; XXI. mendeko eskola bat, gizarte zehatz batean ardaztua, gure garaiaren seme eta alaba diren ikasle batzuk dituena, beren baloreekin, kontra-baloreekin eta zehatzak diren mugekin.
Eta ebanjelizatzailea izan nahi duen proiektu bat da, gure gizartearentzako berri on bat, Nazareteko Jesus izan zen, eta den, berri ona. Nola transmititu, kutsatu, bizi eskolan Jesusen baloreak, mundu hain sekularizatu batean? Hori da gaur egun Europa zaharrak aurrean duen erronka, zeinetan partaide garen hezitzaile kristauok. Ez dugu erantzun unibokoak eskaintzen dizkigun errezetarik, gure inguruan dugun mundua hain anitza eta, aldi berean, hain globalizatua denean.
Ebanjelizatze-proiektuak arrastoak eskaintzen dizkigu bidea egiteko. Pertsonaren psikologia ebolutibora hurbiltzen gaitu, umeak, nerabeak, gazteak bizi duen unea ulertzeko, eta hezitzaileari gonbidapena egiten dio pertsona horiei Jainkoaz hitz egiteko, bere hizkuntzatik eta bere bizi-interesetatik, bere barnean lekutxo bat eginez.
Eta gaur iruditzen zaigu baliagarria izaten jarraitzen duela pertsona askeak eta bere munduarekin konprometituak hezteko, eta horrela gizarte justuago, senideago eta solidarioago baten eragile izateko.