BOLUNTARIOTZA “IKASKUNTZA ETA GIZARTERAKO ZERBITZUA”

2012-2013 ikasturtean boluntariotzako proiektua martxan jarri genuen lehenengo aldiz 2. Batxilergoko ikasleekin.

ZER DA BOLUNTARIOTZA?

Lana da; beraz, dedikazioa eta esfortzua eskatzen ditu. Libreki hartutako aukera pertsonala da, baina gure parte-hartzea bideratzeko, irabazi asmorik gabeko erakunde batekin konpromiso egonkorra behar da. Boluntarioak doan hartuko du parte, beti ere, beste pertsonen eta orokorrean gizartearen alde.

BOLUNTARIO IZATEKO BETEBEHARRAK:

• Parte hartu nahi izatea.
• Denbora izatea.
• Besteekin eta besteentzat lan egiteko, partekatzeko, ikasteko prest egotea.
• Hartzen den konpromisoari egonkortasuna ematea.

Bestalde, pertsonek, boluntario izateko arrazoi asko izan ditzakete. Motibazio politiko edo erlijiosoetatik hasi, eta gure inguruneko arazo zehatzak konpontzeko borrokaraino; baina baita beste era bateko arrazoiak ere, esaterako, esperientzia berrien bila edo bere denbora betetzeko era ezberdinen bila ibiltzea ere motibazioak izan daitezke.

Dena den, hasierako arrazoiak baino garrantzitsuagoa da motibazio horien garapena, pertsonak solidaritate eta doakotasun jarrera errealetarako bilakaera izatea.

Parte hartzeko dugun gogoa moteltzen duten beldurrak ere izan ohi dira: gure esfortzuak ezertarako balio ez duela pentsatzea; administrazioari dagozkion lanak egiteko bakarrik balio duela; lanpostuak kentzen ditugula; horretarako adinik ez izatea, zaharregiak edo gazteegiak garela pentsatzea; boluntariotzan esperientziarik ez izatea; balioko duen ez jakitea, eskaintzeko ezer ez daukagunaren ustea...

Ulergarriak badira ere, funtsik gabeak dira, norberari boluntario izan daitekeela erakusteko modurik onena proba egitea baita. Denbora apur bat eta motibazio txiki bat izanez gero, ausartu beharra dago; norbere nahiei ondoen egokitzen zaion edo gustukoen duen erakundea aurkitzea besterik ez da.

Elkarteak, bertan parte hartzeko interesa duen edonori irekiak daude, eta programa ugari dituzte aukera zabala eskainiz. Gaur egun dagoen erakunde, elkarte eta GKEen aniztasunak, zalantzarik gabe, leku egokia aurkitzea errazten du.

Azken finean, adinak, zein prestakuntza akademikoak ez du axola, ezta aurreko esperientziak ere; garrantzitsuena parte hartzeko gogoa izatea eta gure denbora, ahalmen eta ilusioen parte bat, beste pertsona batzuen eta gizartearen zerbitzura jartzeko prest egotea da.

BOLUNTARIOTZA SOSTENGATZEN DUTEN BALOREAK:

Solidaritatea

Inguruan dugun errealitatearekiko, arazoekiko, injustiziekiko sentikorrak izatea da, geurekoikerietatik irten eta besteen alde jarduteko gai izatea. Gure bizitzako arlo guztietan, eta eguneko edozein unetan praktikan jar dezakegun balioa da. Solidaritatea, jarrera pertsonala da, bizitzeko estiloa da. Estilo horren ezaugarriak dira: beste pertsonak errespetatzea, entzutea, ulertzea, posizionatu eta laguntzea.

Parte-hartzea

Gizartean parte hartzeko aukera eta eremu asko dago: familia eta lagun-artea, lana, gure botoa, gure kontsumoa, gure zergak, gure aisialdia… Eta parte hartzen dugun bakoitzean etorkizuna baldintzatzen ari gara; gizarte-mota baten alde edo beste baten aldeko apustua egiten dugu. Boluntariotza, parte hartzeko aukera zeharo ezberdina da, konpromisoa dakarrelako, eta gizartea eraldatzeko helburu argia duelako. Herritar guztiok gure gizartearen bizitzan parte hartzeko eskubidea dugu, bai gizarteaz gozatzeko, bai erabakiak hartzeko, baita gizarteak dituen arazoetarako irtenbideak bilatu eta garatzeko ere.

Erakundeak-elkarteak

Boluntariotza, eta erakunde edo elkartea, banatu ezin diren kontzeptuak dira. Eraginkortasuna bermatzen duen bakarra erakunde baten barruan lan egitea da, gizartean dugun posizioa sendotzen duelako, eta gainera, ekintzei jarraitasuna emateko eta zereginak partekatzeko aukera ematen duelako. Gainera, indibidualismoaren aurrean, komunitarioa denaren aldeko apustua egiten da, hazteko eta guztiona den gizartea denon artean eraldatzeko.

Doakotasuna

Doakotasuna, ekintza boluntarioaren oinarria da. Boluntarioek, definizioz, oinarriz, ez dute interesen arabera jarduten. Boluntarioek ez dute beraientzat irabazi ekonomiko edo materialik bilatzen; aldiz, gizartearen onura lortzen lagundu nahi dute, denon ongian oinarrituriko helburuak lortzeko.

Azken batean, proiektu honekin lortu nahi dena zera da: ikasleek gure ingurune hurbilean ditugun errealitate desberdinak ezagutzea eta euren denbora tarte bat gizartearen aldeko zerbitzu bat eskaintzera bideratzea da, horrek, euren bizitzarako ikaskuntza garrantzitsu bat suposatuko duela uste dugulako.

BOLUNTARIOTZARAKO AUKERAK:

Ikasleei, euren zerbitzuak eskaintzeko aukera desberdinak eskaintzen zaizkie. Jarraian aipatzen diren alderdietan lan egin ohi dute ikasturtean zehar:

- San Martingo Egoitzan, bertako egoiliarrei laguntasuna eskaintzen.

- Loiolako Santutegian, hiru arlotan:
• Bertan bizi diren Jesuita gaixoei laguntasuna eskaintzen.
• Turista-taldeei Loiolako Basilika erakusten (gidaritza-lanak eginez).
• Loiolako liburutegian, artxiboko lanetan.

- Iraurgi ikastetxean, hiru arlotan:
• DBH 1 eta DBH 2.eko hainbat ikasleri laguntza ematen.
• LHko Pentsatokian laguntzaile bezala arituz.
• HHko ikasleei ipuinak kontatuz, musika-saioak eskainiz…

- Atzegin:
• Euren bidaia batean begirale bezala parte hartuz.
• Antxieta Etxean.
• Txolarten.

- Beste aukera batzuk (Karitas, DYA, Gurutze Gorria...).

BOLUNTARIOTZAREN EMAITZAK:

Astean ordu bat edo ordu eta erdian jarduten dute lanean boluntarioek, eta bai ikasleen esanetan, eta baita erakunde bakoitzaren esanetan ere, oso positiboa izaten ari da esperientzia. Badaude ikasle batzuk, euren laguntza eskaintzen jarraituko dutela baieztatzen dutenak, eta hori entzuteak ikaragarri pozten gaitu!!!

Aurrera begira ikastetxeak boluntariotza-proiektu honen aldeko apustua egiten jarraitzeko asmoa du. Honelako ekintzek, ikasleentzat hainbat unetan zailtasun bat suposatu dezaketen arren, euren bizitzarako ikaskuntza garrantzitsua dela iruditzen baitzaigu. Gure ikasleak gizartearekiko konprometituak izatea nahi dugu, eta ekintza hauen bitartez, gaur egun gure gizartean behar dugun elkarlana sustatzeko oso proiektu baikorra dela uste baitugu.

Proiektuaren arduradunak: Lourdes Abaunz eta Mamen Iriarte.

Jarri gurekin kontaktuan

Iraurgi Ikastetxea, Etxe Alai, 18 · 20730 · Azpeitia (Gipuzkoa)

  • Tfnoa: 943 81 02 10

Harpidetu ikastetxeko albisteetara